Jesuitak Indautxuren hezkuntza-proiektuan garrantzi berezia ematen zaie hizkuntzei. Gure ikasleak hainbat hizkuntzatan ganoraz komunika daitezen, hezkuntza-etapa osoan zehar lantzen dugu gaitasun hau.
Euskara ardatz duen ikastetxe eleaniztuna da Jesuitak Indautxu. Euskara da irakasgai eta irakaskuntza arlo gehienetan komunikazio hizkuntza nagusia eta baita hezkuntza-komunitateko kideen arteko ohiko hizkuntza ere. Horrela, oinarrizko hezkuntza amaitzerakoan, ikasleak euskaraz eta gaztelaniaz zuzentasunez komunikatzeko gai dira, ahoz zein idatziz, bizitzako esparru guztietan.
Elebitasunaren erronkari, gutxienez atzerriko hizkuntza baten ezagutza nahikoa duten pertsonak lortzeko helburua gehitu behar diogu. Gure kasuan, hizkuntza hori ingelesa da. Horretarako, hizkuntza hori modu naturalean ikastearen aldeko apustua egin dugu metodo berri baten bidez: AMCO. Metodo hau Lehen Hezkuntzan ezarri da.
Ingelesaren ikaskuntza indartzeko helburuarekin, Lehen Hezkuntzako 5. mailatik aurrera, ikasleek Zientzia (Science) ingelesez ikasten dute, proiektu desberdinak landuz.
DBHn, hizkuntza-gaitasun egokia lortu duten ikasleek, Geografia eta Historia (1. eta 3. mailak) eta Fisika eta Kimika (2. eta 4. mailak) ingelesez ikasteko aukera dute. Batxilergoan berriz, ingelesa hainbat mailatan ematen da, gure ikasleen beharrei eraginkortasunez erantzuteko.
Hizkuntza-aukera zabaltzeko asmoarekin, nahi duten ikasleek frantsesa hautazko irakasgai gisa ere ikasi ahal izango dute bai DBHn zein Batxilergoan ere.
Ingelesaren ikaskuntzan sakontzeko asmoz, hizkuntzan murgiltzeko programa hauek ditugu:
- 3 asteko egonaldiak Dungarvan (Irlanda) 1.DBH eta 2.DBH mailetako ikasleentzat: ikasketak, txangoak eta kultur jarduerak uztartzen dituen nazioarteko programa bat da. Ikasleek tokiko familien etxeetan hartzen dute ostatu.
- Lauhilekoa edo ikasturtea Eskozia Berrian (Kanada) DBHko 3. mailako ikasleentzat: ikasleek tokiko familia bat duten etxean hartzen dute ostatu eta bertako eskolara joaten dira dagozkien irakasgaiak ikasteko.
Jesuitak Indautxuk hitzarmena sinatu du Academicarekin Batxilergo Duala gure ikastetxean eskaintzeko. Programa honek aukera ematen die horrela nahi duten ikasleei AEBetako curriculumeko 6 irakasgai 3 urtetan zehar ikasteko, urtero 2 irakasgaitako erritmoan: DBHko 3. eta 4. mailetan eta Batxilergoko 1. mailan. Horrela, Batxilergoa amaitzean, ikasle hauek titulazio bikoitza lortuko dute: Espainian emandako Batxilergokoa eta AEBetako High Schoolekoa.