Kike Munerolek Lanbide Heziketak ekintzailetzan eta enpresen arteko lankidetzan duen zeregina nabarmendu du Onda Vascan

Jesuitak Politeknikoako zuzendariak Onda Vascako elkarrizketa batean parte hartu zuen, Work-Lan Bizkaiko gerente Belén Varelarekin batera, erakundearen 20. urteurrena dela eta. Solasaldian, Lanbide Heziketaren bilakaera, kooperatibismoa eta ikaskuntza enpresen benetako erronkekin lotzearen garrantzia izan zituzten hizpide.

Uztailean, Kike Munerolek, Jesuitak Politeknikoako zuzendariak, Kike Alonsok gidatutako Las tardes de Onda Vascasaioan parte hartu zuen, Lanbide Heziketak talentuaren garapenean eta ekintzailetzan duen zeregina aztertzeko. Berarekin batera, Belén Varela izan zen, Work-Lan Bizkaiko gerentea. Ekonomia soziala eta kooperatibismoa sustatzen dituen ekimen horrek 20 urteko ibilbidea bete du.

Bere parte-hartzean, Munerolek nabarmendu zuen «Lanbide Heziketak aitortza handiko unea bizi duela», eta Work-Lan bezalako ekimenen garrantzia azpimarratu zuen, haren esanetan, «ikasleen gaitasun teknikoak eta pertsonalak indartzen baitituzte».

Enpresen benetako erronken bidez ikastea

Elkarrizketan aztertutako adibideetako bat Worklan Social Lab izan zen, Lanbide Heziketako ikasleak inguruko enpresek proposatutako erronkekin lotzen dituen ekimena.

Ekainean egindako seigarren edizioan, parte hartu zuten ikasleek Arteche eta Petronor bezalako enpresek proposatutako erronkak landu zituzten, jasangarritasunarekin eta trantsizio energetikoarekin lotuta. Esperientzia horiei esker, enpresa-munduko errealitatea ikasgeletara hurbildu eta talde-lana, sormena, berrikuntza eta konponbideak bilatzeko gaitasuna praktikan jarri ahal izan zituzten.

20 urte Lanbide Heziketatik kooperatibismoa sustatzen

Elkarrizketak Work-Lan Bizkaiaren 20 urteko ibilbidearen balantzea egiteko aukera ere eman zuen. Ekimen hori Bilbo Handiko Lanbide Heziketako lau ikastetxeren eta enpresa- zein erakunde-arloko hainbat eragileren arteko lankidetzatik sortu zen.

Bere ibilbidean zehar, Work-Lanek 177 kooperatiba sortzen lagundu du, hezkuntzaren eta enpresa-munduaren arteko lankidetzak lanbide-aukera berriak sortzeko duen ahalmena agerian utziz.

Munerolek eta Varelak bat egin zuten hezkuntza-zentroen, enpresen eta erakundeen arteko elkarlanaren garrantzia azpimarratzean, ekintzailetza kooperatiboa belaunaldi berrietara hurbiltzen jarraitzeko.

Jesuitak Politeknikoako zuzendariaren parte-hartzeak Lanbide Heziketaren ikuspegi bat partekatzeko aukera eman zuen, non ikaskuntza teknikoa, garapen pertsonala eta lan-munduarekiko lotura eskutik doazen.

Jatorrizko iturria: Onda Vasca, «Las tardes de Onda Vasca con Kike Alonso» saioa.