Jesuitak Indautxun Ebanjelioaren indar eraldatzailean sinesten dugu eta gogoz iragartzen dugu Erresumaren Albiste Ona.
Pastoraltzaren bidez, bizikidetza, barnekotasuna eta gure ikasleekiko elkartasuna lantzen ditugu. Lan honetan Jesusen Lagundiaren laguntza dugu, ebanjelizatzea bere xedearen funtsezko zatia baita.
Hauek dira pastoraltza-lanarekin planteatzen ditugun erronkak, guztiak ere Inazioren espiritualtasunaren eta Espiritu Ariketen esparruan:
Jesuitak Indautxun guztiok gara pastoraltzako kide. Ikastetxea bera ebanjelizatzailea da; Nazareteko Jesusen mezua iragartzeko xedea partekatzen dugu, irakasleetatik hasita zuzendaritza-taldera arte.
Urtean zehar pastoraltzaren esparruan egiten diren jarduerak animatzeaz, programatzeaz eta garatzeaz bereziki arduratzen den batzorde bat dago. Hainbat profiletako emakumeak eta gizonak, hezkuntza-etapa bakoitzeko jesuitak eta laikoak dira talde honetako kide.
Pastoraltza batzordeko kideek dagokien ikasturteko tutoretza taldeetan ere parte hartzen dute. Horrela, ikasleei dimentsio guztietan (akademikoa, espirituala, familiakoa edo pertsonala) hazten lagunduko dien pertsona-talde bat osatzea lortzen dugu.
Lehen Hezkuntzako eta DBHko Erlijio Jardueren bidez Pastoraltza beti dago presente ikasgeletan. Horrela, ikasleekin hainbat jarduera lantzen ditugu, betiere ikaslearen adinari edo taldearen errealitate bereziari egokituta.
Jesusen Lagundiaren Kongregazio Orokorraren arabera, fedearen zerbitzua eta justiziaren sustapena bat eginik mantentzean datza elkartasuna. Jesuitak Indautxun elkartasuna lantzen dugu ikasleekin, hainbat kanpainen bidez:
Urtero egiten ditugu bizikidetzak eta erretiroak DBHko eta Batxilergoko ikasleekin. Eskolatik kanpo, ordu edo egun batzuez, ikasleekin bizi gara, elkar ezagutzen dugu eta hainbat gairi buruz hausnartzen dugu.
Batxilergoko 2. urtean, bizikidetzak Espiritu Ariketen sarrera dira.
Inaziotar Astean, Jesusen Lagundia eta jesuitak gure ikasleen artean are gehiago ezagutarazten saiatzen gara. Besteak beste, lagundiko pertsonaia historikoen bizitza partekatzen dugu, hala nola Loiolako Inazio Deunarena, Xabierko Frantzisko Deunarena edo Arrupe Aitarena, Bilboko jesuiten historia edo munduan bizi duten egoera. Klaustro bat antolatuz, asmo bera irakasleekin ere partekatzen dugu.
Ikastetxeko pastoralisten taldea gure ikasleen eskura dago, aurrez aurre, banaka hitz egiteko eta heldutasunerako bidean laguntzeko. Topaketa berezi hauen bidez, ikasleek sentitzen eta pentsatzen dutena, nahiak eta irrikak, partekatu ditzakete, baita beste pertsonekin duten harremana zein Jainkoarekin dutena ere.
Ikastetxearen pastoraltza proposamena Jesusen Lagundiaren Probintziak antolatutako jarduerek osatzen dute. Jardunaldi hauetan parte hartzea borondatezkoa da, eta bertan gure ikasleek antzeko kezkak dituzten beste neska-mutil batzuk ezagutu ditzakete. Hazten doazen heinean, gero eta gehiago nabarmentzen da premia handiena duten pertsonei lagundu beharra.
Hauek dira probintziako jardueretako batzuk:
Gure garaiko ezbaien irakurketa analitiko batetik abiatuta, urtero, pastoraltzako talde batek hausnarketarako ideia nagusi bat proposatzen die jesuiten ikastetxeei. Jarraian, pertsona hauek eskola-etapa bakoitzari egokitutako materiala sortzen dute. Ikasleei gure gizartea hobeto ulertzen laguntzea da ekimen honen helburua, pentsamendu kritikoa sustatuz eta heltze pertsonalerako eta federako helburuak proposatuz.
Arrupe Elkartea Loiolako Inazio Deunaren espiritualtasunean oinarritutako gazteen gure kristau elkartea da. Ikastetxeari edo bere inguruari lotuta dauden 14 eta 30 urte bitarteko neska-mutilek osatzen dute. Ondoko beste jesuiten zentroetan ere badira Arrupe elkarteak eta haiekin esperientziak partekatzen ditugu.
Parte-hartzaileei giza eta kristau balioetan hazten laguntzea, eta elkarrizketarako, bakerako, tolerantziarako eta partaidetzarako jarrerak sustatzea dira Arrupe Elkartearen helburua. Halaber, fedea eta mundu hobe baten aldeko lanari lotutako Jesusen jarraipena ere lantzen ditugu.
Indautxuko Eskautak taldeak 1979tik dihardu 8 eta 18 urte bitarteko haurrak eta nerabeak aisialdian hezten. Hau guztia, naturako jardueren, talde txikien bizikidetzen, gaitasun pertsonalen garapenaren eta giza eta kristau balioen hazkundearen bidez egiten du elkarte honek.
Jesuitak Indautxuren pastoraltzaren proposamenetako bat da Euskaristia Santuaren Kofradia. Antolakunde hau 1948an sortu zuen ikasle ohi talde batek Vera Cruz kofradiaren filial gisa; 1959an bazkun propio bezala eratu zen.
Kofradiaren lanik nabarmenena Samintasunaren Andre Mariaren tronua da, baita “Jesus zutabeari lotuta” eta “Ecce Mater Tua” pausoak ere.