Jesuiten lagundia

Enric Puiggròs SJ, Jesuiten Lagundiaren probintzial berria izango da Espainian

Jesusen Lagundiko Aita Jeneralak, Arturo Sosak, Enric Puiggròs Llavinés Aita izendatu du Jesusen Lagundiko Espainiako probintzial berri. Ikasturte honen amaieran gauzatuko da, ekain-uztailean. Aita Antonio España SJ ordezkatuko du, 2017ko uztailaz geroztik Espainiako probintziala izan dena.

2014az geroztik, Lagundiko probintziak bakar batean batu zirenean, Espainiako probintziako aholkulari izan da. Orain arte izan du ardura hori. 2020an, Probintzialak Jesusen Lagundiaren Plataforma Apostolikoaren Kataluniako ordezkari izendatu zuen eta horretan aritu da azken bi urteotan.

Enric Puiggròs-en biografia

Enric Puiggròs Bartzelonan jaio zen 1974an, eta OHO, BBB eta UBI Sarriako Sant Ignasi ikastetxean egin ondoren, Jesusen Lagundiaren Zaragozako nobiziotegian sartu zen, 1993an. Nobiziotzaren ondoren, Historia Garaikidea ikasi zuen Bartzelonako Unibertsitatean. Magisteritza Raimateko (Lleida) Claver ikastetxean egin zuen. Teologia Kataluniako Teologia Fakultatean eta Sant Cugat del Vallèseko Oinarrizko Teologia Institutuan ikasi zuen. Hain zuzen ere, azken horretan egin zuen Oinarrizko Teologiako lizentziatura, Ignaziotar Pedagogiaren inguruan.
 
Oso ezaguna da bere trebetasun artistikoa eta, bereziki, musikaren bidez pastoraltza egiteko sentsibilitatea. Horrek kristau musikako hainbat taldetan parte hartzera eraman du, eta musika ekoizteko proiektuak ere jarri ditu abian. Beharbada, horien artean ezagunena, gaur egun, Jesuitas Acústico taldea da.

 

Jesuiten probintziala

2022ko otsaileko Probintziako Kongregazioan, Enric Prokuradore hautatu zuten, eta prokuradoreen hurrengo kongregazioan parte hartuko du, Loiolan, datorren maiatzaren 15tik aurrera. Bertan elkartuko dira Jesusen Lagundiaren munduko probintzia eta eskualde guztietako ordezkariak. 

Jesuiten probintziala Jesusen Lagundiaren Aita Jeneralak aukeratzen du, Probintziak berak bidaltzen dion hautagai hirukotetik. Hirukote hori kontsulta eta bereizketa prozesu zabal baten ondoren osatzen da. Probintzialak, funtsean, bi zeregin nagusi ditu: pertsonak zaintzea eta jarduera apostolikoen garapena eta emaitza zaintzea. Probintziala hiru urterako izendatzen da, eta normalean sei urtera arte luzatzen da, beste izendapenik behar izan gabe.